Historia

click aquí para la version en castellano

GAZTETXEAREN SORRERA
Gazteek zituzten beharrak zeintzuk ziren ikusita, 1986an jendea mugitzen hasi zen “Asociación Cultural de la Zapa” zelako elkartean kontzertuak, erakusketak eta abar antolatuz eta poliziaren errepresioaren eta etxebizitza arazoaren inguruan hausnarketa sakonak eginez egoera horri irtenbide bat bilatzeko.
1988ko apirilaren 28an, Arabako Prudentzio Deunaren egunean, 300 bat lagun manifestazioan abiatu ziren apezpikuaren jabegoko “lorazainaren etxera”, ateari ostikoa eman eta Gasteizko Gaztetxea jaio zen.
 
LEHENENGO URTEAK
 
Handik aurrera etxea atontzen hasi ziren: zaborra atera, garbiketa sakonak egin... auzokideen laguntza izan zutelarik. Obrak ere hasi zituzten euren kabuz urte hartan (eszenatokia, taberna, liburutegia, ganbara...) eta orain ezagutzen dugun Gaztetxearen itxura hartzen joan zen. Honetaz gain, kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak... antolatzen hasi zen sortu berri zegoen Gazte Asanbalada. Aipatu beharrekoak dira urte horretan bertan burututako 1. Jai Alternatiboak, Anti-gabonak edo Aste Ateoa, besteak beste.
 
Hasieran, Gaztetxeko jendearen arteko harremana ona izan bazen ere, denborak aurrera egin ahala asanbladetan ikuspuntu kontrajarriak agertu ziren: etxe okupatua ala kolektiboentzako lokala (gaztetxea bitartekotzat ala helburu), lan intelektuala eta eskulanaren aldekoen arteko tirabirak… Azkenik, kideen arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa izanda, 30 pertsona inguruk Gaztetxetik alde egin zuten.
 
7. urteurrena ospatu baino lehen, Udalarekin zenbait kontaktu eta bilera burutu ziren. Udaletxeak, Gaztetxea dagoen tokian aparkaleku bat eraiki nahi zuen, baina eztabaida luzeen ostean Gaztetxea bertan gelditu zen eta gainera hainbeste alditan aldarrikatutako ur-korrontea jartzea lortu genuen.
 
Denborak aurrera egin ahala. belaunaldi aldaketa eman zen, eta beste arlo batzuk landu zituen Gaztetxeko Gazte Asanbladak, hala nola, “Euskal Presoak Euskal Gaztetxeetara” ekimena kasu (preso zein senideek hitzaldiak eman zituzten, Hala Bedi Irratian elkarrizketak antolatu zituzten...)
Denboraldi honetan Gazte Asanbladak etxea mantentzen lan egin zuen eta gasteiztarrei alternatiba bat eskaini nahian, ekimen sozio-kulturalen antolaketan jarri zituen bere indarrak; Udalarekin kontakturik ezta arazo handirik ez zegoela aprobetxatuz.
 
 
ALONSOREN GOBERNUA
 
Garai lasai honen ondoren, Alfonso Alonso Alkatetzan ezarri zen, eta berarekin Gaztetxearekin bukatzeko nahia berpiztu zen. Hasieratik argi gelditu zen Alonsoren taldeak Gaztetxea ez zuela gustuko, eta horren adibide bezala ditugu Alonsok berak bota zituen hitzak: “Lo tiro porque no me gusta”.
 
Orduan argi ikusi zen Alonsoren asmoa: edozer gauza egiteko prest zegoen Gaztetxea erditik kendu ahal izateko, hau lortzeko milaka aitzaki asmatu behar bazituen ere (5. dorrea, aparkalekua...). Anitzak izan ziren baita ere Gaztetxea kriminalizatzeko saiakerak autoritateen eskutik. 2001eko abuztuaren 28an, Ertzaintza oldarkor sartu zen Gaztetxera gazte batek ETA-ren aldeko pankarta bat jarri zuela aitzakiatzat hatuz. Hala ere, Gazte Asanbladak erasoaren ondoren plazartutako komunikatuan argitu zuen bezala, Ertzaintzaren erasoa justifikatu zezakeen bakarra kartel bat zen, non zera irakurri zitekeen: “Utzi pakean Gaztetxea!”. Eraso honetan polizia autonomikoak 17 gazte atxilotu zituen, aurretik bortizki jipoitu ondoren. Beste behin ere, gure izaera eta ekimenak kriminalizatzen saiatu ziren Gasteizko Gaztetxea desagerrarazi nahian. Orduan eta gaur egun ere, salatu behar dugu Gasteizko Gaztetxeak pairatu zuen kriminalizazioa eta baita ere egoera honen aurrean komunikabideek izandako jarrera, momentu oro babestu baitzuten Ertzaintzaren bertsioa.
Eraso guzti hauen gainetik, 8.000 bat lagun elkartu ziren 2002eko martxoan “Gaztetxearen alde. Aniztasunaren alde. Okupemos la calle” lelopean Gasteiz zeharkatu zuen manifestazioan, hau 1976ko martxoaren 3tik ordura arte egindako manifestaldirik jendetsuena izan zelarik. Honek gasteiztarrek Gaztetxeari eman zioten babesa modu indartsuz adierazi zion Alonsoren taldeari, eta Gaztetxea bera indarberritu zuen.
 
 
Gertakari hauen ostean, Udaletxeko kideek gure auzo eta Gaztetxearen aurkako plan beltz bat atera zuten, nahiz eta aurretik plan hori ondo hausnartuta zuten. Plan honekin auzoarekiko eta Gaztetxearekiko erasoek jarraitu zuten. PERI deritzan plan honek gure auzunea diru iturri bihurtu nahi du auzoak eta auzokideek dituzten beharrei muzin eginez. PERI-aren izaera inposatzailea argi eduki du beti auzoak eta Gaztetxeak; horren adibide garbia da auzoko hainbat eragilek plan honen aurka gauzatutako salaketa eta ekimenak. Honen aurrean Udaletxeak entzungorraren papera hartu du momentu oro, eta estrategia hori erabiliz gauzatu zituzten gaur egun Alde Zaharra Zeharkatzen duten malda mekanikoak, eta horrela gauzatu nahi ditu PERI-aren barnean dauden proiektu guztiak (expropiazioak, frankiziak...). Honek Alde Zaharraren izaeraren eraldaketa eta Gasteizko Gaztetxearen desalojoa suposatuko luke.
Garai honetan, Udaletxea behin eta berriz saiatu zen Gaztetxea muinotik desagerrarazten. Gaztetxea beste toki batean jartzea proposatu zigun, honek suposatuko lukeenarekin: udaletxearen menpe lan egitea eta ondorioz gure barnean errotutako autogestioa, asanblearismoa, okupazioa eta auzoaren lanari uko egitea. Udaletxearen mehatxuez nazkatuta eta gure oinarriak are gehiago sendotzeko Gaztetxe Eguna antolatu genuen 2005eko urriaren 8an OKUPAZIOA, AUTOGESTIOA, SENAK DIOTSU! lelopean. Egun honetan jende eta talde askok parte hartu zuten, eta beste hainbatetan bezala, Gasteizko jendartearen aldarrikapena ozenki entzun zen Alde Zaharreko kaleetan. Oztopo guztien gainetik, Gaztetxea dagoen tokian geldituko dela, eta auzoa, autogestioa, okupazioa eta asanblearismoa oinarritzat hartuz lanean jarraituko dugula harro adierazi genion Udaletxeari 15.000 pertsonen babesaz eta hainbat eta hainbaten lanaz.
 
Udaletxeak ulertu zuen Gaztetxea oso sendo errotuta zegoela auzoan zein Gasteizen, eta isiltasun aro bati hasiera eman zion. Orduan Gaztetxearen desalojoaren inguruan aurrerapausorik eman ez zuen arren, PERI-aren beste proiektuekin aurrera egin zuen auzoaren zapalkuntzarekin jarraituz. Alonso alkatetzatik bota zutenean ez zuen lortu Gaztetxearekiko zituen nahiak aurrera eramatea, eta Patxi Lazcoz-ek bere eserlekua hartu zuen.
 
 
ORAINGO EGOERA

Lazcoz Udaletxera heldu zenetik hona, ez du Gaztetxearen inguruko iritzirik aditzera eman, baina PERI-arekin aurrera jarraitu du gure auzoan multinazionalak ezarriz eta auzoa mehatxupean mantenduz. Hau horrela izanda Gaztetxeak mehatxupean jarraitzen du ere.
Baina esan bezala, oztopo guztien gainetik gure lana duintasunez aurrera eramaten jarraitzen dugu asanbladatik Gasteizko jendarteari alternatibak eskainiz.
 
 
HEMENDIK AURRERA...

Aurten 22 urte betetzen ditugu muinoan errotuta, eta gasteiztarren babes sendoa daukagula argi gelditu da behin baino gehiagotan 22 urte hauetan zehar.
Kolektibo eta talde ezberdinek Gaztetxea erabiltzen dute euren lana aurrera eraman zein aditzera emateko.
Azken finean, Gaztetxea guztion etxea da, eta zuek ere ateak zabalik dituzue bertan antolatzen diren ekimen zein dinamiketan parte hartzeko eta instituzioen izaera inposatzaileen aurrean alternatiba bat sortzeko.