OKALAUASA Mila Esker!!

Okalauasa tribukide maiteok!!

Talde ezberdinek osatzen dugun tribu menperaezin honetan ama lurraren lau jakintza nagusi ditugu oinarri: zutik mantentzen gaituen lurra espazioaren okupazioa da, astintzen gaituen haize geldiezina gure alternatibismoa da, bizirauteko behar dugun ura autogestioak eskaintzen digu, pizten eta berotzen gaituen sua asanblearismoa da. Lau sinesmen hauek gure zainetan barrena energia ematen digute, gorputzak dantzan ipiniz. Guk behar dugu, berak behar gaitu.

Azken ilargi beteak odolez zikinduak egon dira, kolonizatzaileek gure ama lurraren sinesmenak suntsitu nahi dituztelako. Guk kementsu jarraitu behar dugu, lau indar horiei men eginez. Guzti honi aurre egiten jarraituko diogulakoan eta gure espazio askeak defendituko ditugulakoan atzoko egunean, otsailak 6 (inauteriak), erritual handi eta potente bat gauzatu genuen. Guda arropak jantzita eta erremintak zorroztuta, asko izan ginen kaleak bete genituenak, bete eta okupatu!!

Zorionak bihotz-bihotzez, zorionak atzoko egun zoragarriaren prestaketan aritu zareten lagunei, zorionak parte hartu zenutenei, zorionak tribu menperaezinaren kide zaretenoi eta zaudeten lekuetatik okalauasaaa! oihukatu duzuenoi…

Guk erabaki behar dugulako nola bizi, guk eraiki behar ditugulako gure alternatibak… Mugarik gabe, prefabrikatutako biderik gabe, gure kabuz eta horizontaltasunez suak pizten jarraituko dugulako…

OKupazioaALternatibismoaAUtogestioaASAnblearismoa, OKALAUASA!!!