Elkartasun Astea

banner-WEB_JPG

Badira jada 28 urte herri mugimenduaren menuan plater goxoak eskaintzen hasi ginela. Autogestioz eta asanblearismoz sazonaturiko errezetak prestatzen ditugu, eta kolore, usain eta zapore ezberdinak dasta daitezke sormen faktoria honetan. Maitasuna erregai,  konpromiso gramo batzuk hemendik, alaitasuna bestetik, eta umore ona gehitzea ahaztu gabe bost izarreko gastronomia sor genezake, denon elkarlanari esker. Askok madarikatzen dituzten osagai hauek ez dira edozein lekutan eskaintzen. Horregatik hona gerturatzea besterik ez dago, probatu ez duenak ez dakielako zer den hau.

Baina badira urte asko elementu garrantzitsu bat lapurtu zigutela, gure lanaren esentzia ahulduz. Sukaldeko paretetatik begira ditugu egunero euren argazkiak, geldi, mugitu ezinik. Janaria garrazten duten horiek osagai egokiak ez direla inposatu baitziguten. Plater bikainak prestatzeko falta zaizkigun hauek euskal preso politiko eta iheslariak dira. Kontzertuetan, antzezlanetan, Nino Bravoren doinuarekin dantzatzen ditugun guateke guztietan, bertso saioetan edota etxe honen edozein izkinatan zuen falta sumatzen dugu, faktoria hau martxan mantentzeko txinparta baitzarete. Hala ere, ezberdin egiten gaituen sorginkeria honi esker laster egongo gara berriro elkarrekin, ez baita pozoirik munduan gure lana kutsatuko duenik!

Haga biga higa, sator eta sugandila, tira eta tira, preso eta iheslari guztiak gaztetxera bueltatu daitezela! Maite zaituztegu!

Gasteizko Gaztetxea

programazioa_JPG