SKAKEITAN + ITZIARREN SEMEAK

Ska, punk eta reggae banda. RRVren semeak direla ozen aldarrikatu dute hasieratik. Ezin izan zuten lehen lerroan egon 80.hamarkadan, baina beti eraman dute munduari begiratzeko modu hori bihotzean. Iturri hartatik edanda, euren bidea egin nahi dute sinesten dituzten ideiak jai giroan aldarrikatuz.

Taldearen izena, Euskal Herriko kultura musikala ulertzeko ezinbestekoak diren Pantxoa eta Peio bikotearen “Itziarren semea” kantutik hartu zuten. Torturaren kontrako aldarrikapen horrek erakusten du, taldearen filosofia boteretsuen kontra eta zapaldutakoen alde abestea dela.

2006an batu ziren lehen aldiz Mungiako lokaletan. Lehen kontzertua 2007ko apirilean eman zuten Mungiako Gazte Asanbladaren eskutik eta uda horretan hainbat kontzertu eskaini zituzten eskualdeko herriko jai ezberdinetan. Hasierako taldekide berdinek jarraitzen dute (Ibon, Manex, Jebi eta Irkus 2007tik). Kue lehen bateriajoleak 2008an utzi zuen taldea eta 2008tik 2013ra Unai Bergarak astindu ditu danborrak. Asier taldeko lehen tronpetajoleak 2013ra amaieran utzi zuen taldea eta  2014an taldekide berriak gehitu dira ska punk bandara.

2014an RETOUR bira abiatu zuten otsailean Kalera rock jaialdian. Taldekide berriak gehitu dira proiektura. Ugaotik iritsi den Alain Egigurenek astinduko ditu danborrak oraindik aurrera eta haize sekzioan Xutik taldeko Patxi eta Mizel edo Orkrestrako Fer aritu izan dira taula gainean. 25 kontzertutik gora eskaini dituzte 2014an zehar Ibilaldia eta Herri Urrats bezalako jaialdietan parte hartuz. Andaluzia eta Madrilen ere izan dira taldea ezagutarazten.

Aldi berean, Revolta diskoa prestatu dute urte guztian zehar Kaki Arkarazorekin batera. Urri bukaeran aurkeztu ondoren, azaroan Argentina eta Chilera joango dira Sudaska festibalean parte hartzeko gonbitea jaso ostean. Abenduan berriz, etxean aurkeztuko dute diskoa.

Gehiago irakurri